Aitzinsolasa
Hipokoristikoen
azterketa zergatik den garrantzizkoa galdeginen balidate ihardetsiko
nuke, lehen-lehenik,
euskaldunok erabili ditugun eta oraino erabiltzen ditugun izendatze
bideen berri ematen digulako dela munta handikoa. Nago hau, berez,
aski arrazoi pisuzkoa dela, izan
ere onomastikaren
zeregina izen bereziak aztertzea baita. Honetaz
landa eta
bigarrenik,
izen ttipiek egungo deitura eta oikonimo asko ongi ulertzeko aukera
ematen digute: adibidez,
Peruskirena-n
Peru
dugula lehen begiratuan antzeman daiteke, eta bukaera edutezko
genitiboa dela, baina tarteko segmentua zer den ez da garbi egonen
hipokoristiko sistema ikertu ezean. Era
berean,
Martija
deituran Marti
dagoela aise ikusiko dugu, baina ez diogu apika amaieran dugunari
igarriko, gure izendegia aztertzen ez badugu.
Hirugarrenik,
izen ttipien arloko ikerketa toponimoen etimologia argitzeko ere
lagungarri izan daiteke;
erraterako,
Baztango Almandoz
herri izenak Alaman
antroponimoaren
eratorri batean, hipokoristiko batean, duke oinarri, *Alamando-n
hain zuzen
ere,
Irigoienen (1995f) ustekaria egia izatera, eta nire iritzian egiantz
handikoa da. Nik neronek ez dut bizkaitar euskaltzainak aipatzen zuen
aldaera aurkitu, baina bai horren biziki irudia den Alemantto.
Erran bezala, euskal onomastika arautzen ere
lagun diezagukete
hipokoristikoek, oraingo deituraren jatorria eta nondik norakoa
hobeki ulertzeko bide ematen digutenez geroztik.
Laugarrenik,
izen ttipiek aukera ematen dute ohiko hizkeraren azpian dauden
egitura fonologikoak aztertzeko: silaben barne egitura eta motak,
«template» edo plantillak, errepikapen baliabideak eta irudikatze
fonologikoaren maila desberdinen arteko harremanak batez ere (Lipski,
1995: 387). Nik garbi baino garbiago dakusat, azken urte hauetako
lanak irakurrita, hipokoristikoen azterketan aurrera eginen badugu
fonologialarien premia dugula, euskal onomastikariok ez baitakigu
—nik segurik
ez— fonologiaren
barreneko zoko-mokoen eta (azken) korronteen berri.
Bosgarrenik,
dialektologiarekin ere badute zerikusia, izen ttipiek berek eta hauek
erdiesteko ibilitako erabideek historian zehar izan duten hedadura
geografikoa bestelako ezaugarri dialektalekin erlaziona daitekeelako,
euskalkien garapena eta bilakaera hobeki konprenitzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina